2. jarduera. Ordenagailu eramangarrian

Eszena honetan ikusiko dugu film laburreko protagonistak sare sozial bateko talde berean daudela. Talde horretan, konorterik gabe dagoen neska baten bideoa zabaldu da (alkohol-intoxikazioagatik, seguru asko), eta sexu-eraso baten biktima izango dela ikus daiteke.

Taldeko inork ez du erakusten gertaera horiek delitu direla eta biktimari kalte fisiko, emozional, sozial eta familiar larria egin dakiokeenik. Aldiz, irain horretan hartu dute parte eta egoerak barrea eragiten diete, broma izango balitz bezala.

Eszenaren deskribapena:

Norbaitek eskuetan daraman kamera Carlaren atzetik joan da logelara sartu denean. Bakarrik dagoen une hori aprobetxatu du ordenagailu eramangarria ireki eta lagunek zer ezkutatzen duten ikusteko. Bere aurpegieraren lehen planoak agerian uzten du zur eta lur geratu dela.

Ondoren, ordenagailuaren pantailaren plano subjektiboan, aipamen iraingarri mordoa ikus dezakegu, “txiste” moduan botatakoak, baina oraindik ez dakigu zeri buruzkoak diren bideora iritsi arte.

Bertan, lurrean etzanda neska bat ikus daiteke. Alkohol-intoxikazioa dela eta konortea galdu duela dirudi. Inguruan dauden mutilak (horien artean, Carlaren lagunetako bat dago) neska filmatzen ari dira, barrez ari dira eta “bromarekin” aurrera jarraitzeko ez esnatzen saiatzen dira.

Bat-batean, ordea, guztia etengo da Finn sartu eta Carlak filmatutakoaren berri dakiela ikusten duenean. Elkarri begiratu ondoren, nolabait, horrek eragin diezaiekeen kaltea neurtu dutela dirudi. Haien artean harremanen bat hasteko aukerarik bazegoen, une horretan bertan amaitu da. Biek dakite.

Mutila, erreguzko begiradarekin, egoera erlatibizatzen saiatu da Carlari goserik ba ote duen galdetuz. Ondo dakite oso egoera larriaren aurrean daudela eta guztia Carlaren esku dagoela oraintxe.