8. jarduera. Epaiketa

Garatzeko denbora eta prestaketa eskatzen dituen jarduera den arren, gure ustez, ikasleek egoeraz jabe daitezen bizipen garrantzitsua izan daiteke. Edozein jarduera egoerak eskatzen duen seriotasunarekin eta handitasunarekin garatu behar da.

Hori garatzeko aukeratutako garaia opor aurreko egunak (azterketak amaitu ostean) izan daitezke, egun lasaixeagoak dituztenean.

Rolak:

  1. Salatzailea: Carla
  2. Salatuak: bideoa filmatu duten hiru mutilak
  3. Lekukoak: jaira joan direnak
  4. Epailea: Alderdien hitzak entzun ondoren, kasua baloratuko du.
  5. Salaketaren abokatua (Carlarena), fiskalaren ondoan eserita (bere funtzioa interes publikoaren eta legalitatearen alde justiziaren lana sustatzea da)
  6. Defentsaren abokatua, akusatuen (salatuak) interesak defendatzen dituena.
  7. Publikoa (gainerako gelakideak)

Epaiketaren egitura:

Akusazioko eta defentsako idatzien irakurketa. “Egoera zehaztea” edo bertaratzen direnei egingo den epaiketari buruko kasua azaltzea da horren helburua. Jarraian, akusatuak hartuko du hitza. Egotzi zaizkion delituak ulertu dituen eta horren inguruko ezer deklaratu nahi duen galdetuko zaio.

Akusatuari galdeketa egitea. Une honetan, akusatuak alderdiek egindako galderei erantzun beharko die (bere abokatuak egindakoei ere bai).

Lekukoen deklarazioa: Orain, lekukoen txanda izango da eta banaka deklaratuko dute. Ezingo dute elkarrekin komunikatu eta ezingo dute jakin galdeketan aurrez besteek zer esan duten. Lekukoek egia esango dutela zin egin edo promestu beharko dute. Hori egin ezean, delitua egin dezaketela ohartaraziko die epaileak. Lekukoaren deklarazioa amaitutakoan, lekukoak epaiketa amaitu arte epaiketa-gelan geratzeko edo eraikinetik alde egiteko aukera izango du. Azken kasu horretan, ezingo du aretora sartu behar duen inorekin hitz egin. Ñabardura hori oso garrantzitsua da hurrengo lekukoak aurrez zer esan den jakin ez dezan. Badago garrantzizkoa den beste xehetasun bat ere: kaltetuak edo delituaren biktimak ere lekuko gisa deklaratuko du (gehienetan, deklaratzen lehenengoa izaten da).

Dokumentu bidezko frogak. Froga-bitarteko hori euskarri materiala edo idatzi bat izaten da. Bertan, kausak argudiatutako zerbait zuzena edo okerra dela agerian uzteko edo frogatzeko erabil daitezkeen edo fidagarriak diren datuak egoten dira jasota.

Ondorioak eta txostena: Epaiketaren azken txanpan, abokatu eta fiskalek behin betiko ondorioak azalduko dituzte. Beste nolabait esanda, behin-behineko ondorioen idatziko (akusazioko eta defentsako idatziak deitzen zaie horiei) “azken bertsioa” izaten da.

Azken hitza: Amaitzeko, epaileak epaiketan hitz egindakoaren inguruan adierazi nahi duena esateko aukera emango dio akusatuari. Azken hitza emateko eskubidea deitzen zaio horri. Kontuan izan behar da akusatua izan dela deklaratzen lehenengoa eta ezin izan duela epaiketako gainerako faseetan esku hartu. Amaitutakoan, epaileak gaia “epaia emateko prest” utziko du eta epaitegitik alde egingo dugu. Epaiketaren emaitza jakinarazi arte itxaron beharko dugu.

Jarduera amaitutzat eman aurretik, izan dituzuen sentsazioez hitz egin dezakezue:

  • Interesgarria iruditu al zaizu? Zer ikasi duzu?
  • Ulertu al duzu zer gerta dakiokeen delitu hori egiten dutenei?