Ikasleek galderari erantzun aurretik, filmatutako bideo-eszena hori berriro ikustea proposatzen dugu. Ikasleek sexu-erasoa Carlak bideoa ikusteari uzten dion une horretan gertatuko dela ondo jabetzea nahi dugu.
Jatorrizko bertsioan entzun daitekeen azken esaldia, Let´s go, da erasoari hasiera emango dio esamoldea. “Amaiera” horretan, norbaitek biktimaren gonaren azpian darabilen objektu metalizatu bat ikus daiteke.
- Sexu-erasoaren definizioa: biktimaren onespenik gabe gertatzen den edozein sexu-jarduera edo -kontaktu da. Sexu-askatasunaren aurkako delitua da eta kalte fisikoak eta psikologikoak eragin ditzake.
- Sexu-erasoa oinarrizkoa edo larriagotua izan daiteke, baginatik, uzkitik edo ahotik haragizko sarrera dagoen ala ez, edo objekturen bat sartzea gertatzen den ala ez kontuan hartuta.
- Sexu-erasoa beti da erasotzailearen erantzukizuna, eta sekula ez erasoa jasan duenarena.
Alkohol-intoxikazioa: eman beharreko urratsak
Oso garrantzitsua da ikasleei jakinaraztea alkohol-intoxikazioa duen pertsona bat hil egin daitekeela.
Hauek dira eman beharreko urratsak:
- Deitu larrialdi-zerbitzuei.
- Pertsona hori eserita eta lasai eduki.
- Estali hipotermia ekiditeko.
- Konortea galdu badu, garrantzitsua da saiheskako jarreran jartzea eta bistatik ez galtzea; izan ere, oka egin dezake, eta ito.
- Ez utzi inoiz intoxikatutako pertsona bat bakarrik.
- Ez eman ezer edateko edo jateko.
- Ez eragin oka egitea; hori eginez gero, bronkoxurgapena gertatzeko arriskua dago (elikagai solidoak edo likidoak arnasbideetara nahi gabe igarotzea. Horrek heriotza eragin dezake).
Sorospen-eginbeharra ez betetzearen delitua:
Hirugarren galderaren erantzunak baloratzeko, irakasleek talde osoari sorospen-eginbeharra ez betetzearen delitua irakurtzea proposatzen dugu. Hain zuzen ere, egoera hori film laburrak kontatzen duen egoeran ere gertatzen da:
Bideoan azaltzen diren eta sareetan zabaltzen duten eraso sexualaren egileak diren mutilek, gainera, sorospen-eginbeharra ez betetzearen delitua ere egin dute:
- Zigor Kodeko 195 eta 196 artikuluetan tipifikatuta dago delitu hori. Delitu horrek babesten duen ondasun juridikoa sorospen- eta elkartasun-betebeharra da. Herritar orok du beste bati laguntza edo sorospena emateko betebeharra, hura arrisku larrian dagoenean. Sorospena emateko betebeharra ez bete izanaren delituak zigortu egiten ditu babesik gabe eta arrisku larri eta nabarmenean dagoen pertsona bati laguntzarik ematen ez diotenak edo sorospena ematen ez diotenak, baldin eta segurtasun-baldintzetan eta harentzat eta hirugarrenentzat arriskurik gabe eman badiezioke laguntza.